XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Partikera horren lekuko egokia izan daiteke, seguru asko, UZEIn daramagun jokabide aski sakabanatua: bat etorri ginen guztiok, eta itxuraz horretan ez dugu askorik aldatu, X. Kintana eta L. M. Mujikak daramaten -o hori beti kentzeko jokabidea larregizkoa delakoan.

Arrazoi bi aipatzen genituen orduan eritzi horren sustagarri: -ari(o) bukaeradun hitz horrek bere jatorrizko eginkizun kategoriala duenean, perpaus baten baitan adjektibo gisa funtzionatu behar duenean alegia, -ari forma aski estrainio gertatzen da euskal belarriarentzat: euskarazko -ari bukaeradun ohizko hitzak, inoiz mailegatuak nahiz etxean eratuak, izen gisa erabili ohi dira normalean, eta ez adjektibo moduan.

- bestetik, maila apalagoko ohar hau ere egin beharra dagoke: notaria, sekretaria eta abarreko formek, hiztegigile bi horiek el notario, el sekretario eta antzekoak adierazteko proposatzen dituztenek, ulergaitz edo farregarri bihurtzeko (eta, beraz, erabiliak ez izateko) arrisku handi samarra dakarte berekin.

Ez dugu ordea, jokabide horri larregizkoa eritzi ondoren, geure egunoroko zereginetarako erizpide horren ordaineko alternatiba ongi mugaturik eratu.

Gaur egun daramagun jokabidea, labur bilduz, honako hau da: a) gaztelaniazko -ario bukaeradun hitza -ario moduan eman ohi dugu euskaraz ere, textuinguru sintagmatiko konkretu hartan adjektibo gisa funtzionatzen duenean: beraz funtzionario, finantzario, minoritario, maioritario, parlamentario, komunitario, erreakzionario, defizitario, inmobiliario, aleatorio, arantzelario, solidario, bankario eta abarrekoak aukeratu ditugu adjektibo gisa jokatu behar dutenerako, eta ez L. M. Mujika eta/edo X. Kintanak proposatzen dituzten finantzari, parlamentari (parlamendari), erreakzionari, inmobiliari, solidari, bankari eta antzekoak.